viernes, 27 de abril de 2012

Blogaren ebaluazioa

Naiara Aldanondorekin aritu naiz bloga baloratzen. Hasteko, banaka elkarren blogak aztertu ditugu: artikuluak, iritziak, bideoak... eta, ondoren, egindakoaren berri eman diogu elkarri. Naiarak esan dit, oro har, oso gustatu zaiola bloga, irakurterraza eta denetik pixkat duelako.
Oharrei dagokienez, ikasgelan eztabaidatu ditugun artikuluen laburpentxoa ez ezik, neure gogoeta ere egin dut, eta horrek testua aberastu duela esan dit. Gainera, normalean, testua luzea denean, hasieran galdera batzuk bota ditut irakurlea erakarzeko, arreta mantentzeko eta hausnartzera gonbidatzeko. Era berean, testua astuna ez izateko eta arintze aldera, hitz batzuk letra lodiz nabarmendu ditut, irudiak eta link ezberdinak jarri... Horrela, irakurleak sakondu nahi izatera, aukera aparta du.
Normalean, ikasgelan zerbait eztabaidatu ahala, apunteak hartzen joan naiz, eta horiexek igo ditut gero blogera. Hori dela eta, artikuluetan esaten denaz gain, klasean bertan sortutako ideien inguruan sakontzen saiatu naiz. Naiarak oso ondo baloratu du nire hausnarketak ez ezik, aditu eta espezialistenak ere jarri izana, bai bideo bidez bai testu bidez. Gainera, hezkuntzari begira ere aritu naizela esan dit; horretarako, bideo interesgarri bat igo nuen.

sábado, 21 de abril de 2012

JClic aplikazioa 2


Jclic programak jolasen bidez ikasteko aukera eskaintzen digu. Ikasleek edozein gai landu dezakete modu interaktiboan. Uste dut oso ona dela ariketa ezberdinak egin daitezkeelako, eta zer landu nahi dugun, horixe jar dezakegulako. Kasu honetan, musika tresnak lantzeko jarduera batzuk prestatu ditut: bikotea aurkitu, soinua entzun eta musika tresna identifikatu, onomatopeiak... Nire ustez, oso ona da, ikasleek ondo pasatu bitartean ikasten dutelako. Gainera, adin guztietarako balio du.

Interesa piztu zaizue eta jarduerak prestatzen hasi nahi duzue? Animo, hasiera batean zail samarra eman badezake ere, segituan konturatuko zarete uste baino askoz errazagoa dela!!! Pazientzia pixkatekin nahikoa da. Lehenengo pausua  JClic Author deskargatzea da, doan da eta edozein ordenadore sistemak balio du (Windows, Linux...). Ondoren, saltseatu, botoiak sakatu, eta lortuko duzue! Bestela, tutorialari begiradatxo bat bota, eta kitto!

Animo eta ez izan beldurrik, oso gauza politak irteten dira-eta!

lunes, 16 de abril de 2012

Photopeach aplikazioa1


http://photopeach.com/album/19gawof

Aplikazio hau oso egokia iruditu zait hezkuntzan lantzeko. Alde batetik, ikasleen lanekin bideo bat osa dezakegu gurasoei bidaltzeko. Bestetik, lan bat egitean, prozesua bera irudika dezakegu. Gainera, gela ezberdinetako lanak bildu, eta guztiekin bideo polit bat osa dezakegu. Bideoa osatzeko, irudiak ez ezik, letrak ere jar ditzakegu, eta horrela, norena den lan bakoitza isla dezakegu.
Uste dut, egindako lana ikusteko eta gordetzeko modu ederra dela bai ikasle, bai guraso, bai irakaslearentzat!

Eta onena!!!!errazetan errazena da! argazkiak baldin badituzue, hiru pausotan bideoa osatuta dago! Hasteko photopeach.com-en sartu behar duzue. Sign in-a egin, dohainik, eta behin barruan zaudetela argazkiak igo! Ondoren, hitzak jarri nahi badituzue, laukitxo bat duzue horretarako, eta, azkenik, behean, bideoa are politagoa egiteko, musika sartu! Finnish sakatu, eta kitto!

Animo, eta zorte on! ez izan beldurrik eta probatu!


sábado, 7 de abril de 2012

Paulo Freire dixit

Alda dezagun eskola!

Gizartea aldatzen doan heinean, eskola ere aldatuz doa, edo joan beharko luke, behintzat. Garai batean eskola industria bezalakoa zen; egun, berriz, zerbitzuetan koka genezake, hau da, gure beharrei zuzenduta dago. Ikaskuntza soziala indarra hartzen ari da, egun informazioa ez dugu soilik irakasleengandik jasotzen, ikaskideekin ere asko ikas dezakegu.
Bizitza osoan zehar ikasten dugu: ez bakarrik eskolan; gai bat ikasi eta kitto, gai hori beti moldatzen ari gara, egokitzen; besteekin konpartitzen dugu, ikertzen dugu; autorregulazioa eta autoformakuntza; ikasketa komunitatea osatzen dugu guraso, ikasle, herritar eta langileek. Eta ikasleei, eta guztioi, pentsamendu kritikoa edukitzen irakatsi behar diegu: gai naiz lanpostu horretarako?

jueves, 5 de abril de 2012

Ramon Bajo eskola


Gasteizko alde zaharrean dago Ramon Bajo. Trabak traba, gogoz eta indarrez ari dira lanean auzoak merezi duen eskola izan dezan. Bertako eskola proiektua ezagutu nahi baduzue, egin klik hemen.

Zein da gaur egungo eskolaren erronka?

Cristobal Cobo Romaniri egindako elkarrizketak eta Manuel Rivesen bideoak zer pentsatua eman dit. Neuk ere argi ikusten dut hezkuntzak aldaketa behar duela, baina IKTak ezartzearekin soilik nahikoa al da? EZ. Indar eta diru publiko asko jarri da IKTetan, baina oraindik sorkuntza, artea eta disziplina arteko konbinaketan hutsune nabarmenak daude. IKTekin soilik ez da jende sortzaileagoa lortuko, ingelesa errazago ikasiko, lan-taldetan aritzeko gaitasuna garatuko... Beraz, faktore bat aldatzeak (IKTak ezartzeak) ez du esan nahi beste guztia aldatu, eta eskola porrota desagertuko denik. Aldaketa erabatekoa izan behar da, metodologia da aldatu beharrekoa.
Ezinezkoa da duela 30-40 urteko metodologia bera erabiltzea, gizartea azkar ari da aldatzen, eta nola da posible eskolan betiko patroi bera erabiltzea? Gazteak aspertu egiten dira, eta hori da eskolaren benetako erronka: hezkuntza erakargarri izatea, ikasteko gogoa piztea, jakinmina, gauza berriak ezagutzeko nahia... eta motibazio hori lortzeko IKTek oso lagun gaitzakete. Baina metodologia ezin da denentzat berdina izan, nor bere erara moldatu behar da, izan ere, denek ez dute behar bera; Horregatik, guztiek ez dute portatil bat behar, malguago jokatu beharko genuke. Askotan, ikasleek beraiek dituzte nahikoa tresna lan egiteko, eta horiek erabiltzen irakatsi behar diegu, alferrikako gastuak saihestuz bide batez.

lunes, 2 de abril de 2012

GaraiOn elkartea

Gaur auzolanari buruz aritu gara ikasgelan, eta interesgarria iruditu zait GaraiOn elkartea ezagutaraztea.
GaraiOn elkartea zer den? Natura, Sorkuntza eta Ondarea dira elkartearen ardatz, eta horiek uztartuz, Otaza auzoan (Ozaeta, Araba) aisialdi espazio berri bat sortzeko proiektuari ekin zioten. Adin guztietarako aisialdi egitasmoak eta jarduerak garatzen dituzte!
Interesa piztu, eta gehiago jakin nahi baduzue, egin klik hemen.

lunes, 19 de marzo de 2012

IKTez hausnartzen


Gaur egun ezinbestekoa da ume bakoitzak ordenadore bat edukitzea? ez al da nahikoa dakarten tableta, sakelakoa...? Krisi ekonomiko latza pairatzen ari garela besterik ez dugu entzuten, eta gobernuari ez zaio, bada, bururatu ume bakoitzari ordenadore bat oparitzea? IKTekin aurreratuarena egitera jolasten ari gara, eta ez al dira oraindik konturatu punta-puntako teknologia erabili arren, gure hezkuntza sistemak ez duela fruiturik ematen?
Egia da IKTek asko lagun gaitzaketela eskolan, baina sartzearekin bakarrik ez dugu ezer lortuko. Egun, ikasle askok irakasleak baino askoz gehiago daki IKTei buruz. Hori dela eta, irakasle asko beldurrak airean dabiltza. Gure analfabetismoak ez digu lagatzen IKTei behar besteko zukua ateratzen, eta uste dut hori dela gure erronka nagusia. Hasteko, guk geuk formatu behar dugu, eta zer, nola eta zertarako erabiliko ditugun erabaki.
Askotan entzun dugu -eta hala izango da- hezkuntza sistemarik onena Finlandiakoa dela. Finlandia, teknologia mailan front-runner-a da, datu bat aipatzearren, 5 milioi biztanle dira, eta 6 milioi sakeleko baino gehiago erabiltzen dituzte, hau da, 1,2 telefono buruko. Zer esan nahi dudan horrekin? Bada, IKTak ondo erabiltzen baditugu, urrutira irits gaitezkeela; aitzitik, IKTak sartzearekin bakarrik ez dugu aurrera egingo, eta hezkuntza sistema irauliko.
Egiten duguna egiten dugula, kontziente izan behar dugu zertarako erabili behar/nahi dugun. IKTak ez dira 21.mendeko miraria, egia da ikaskuntza bera erakargarri egin dezaketela eta laguntza handia eman diezaguketela, baina tentu handiz erabili behar ditugu klik soil batekin urrutira irits baikaitezke.

Nola erabili pantailak modu seguruan?

Egun, pantailaz inguratuta bizi garela gauza jakina da. Telebista, sakelekoa, ordenadorea... gure eguneroko bizitzan funtsezko bihurtu dira. Hala ere, erabilera ez da beti egokia izaten, eta gai honen inguruan apur bat sakontzeko, artikulu interesgarri bat jarri dizuet, egin klik hemen.

jueves, 15 de marzo de 2012

IKTak martxan

Beno, badirudi aurrera goazela. Irakasgaia hastearekin batera, teknologian barrena murgiltzen ari gara, eta hona hemen nire lehenengo ekarpena!