Naiara Aldanondorekin aritu naiz bloga baloratzen. Hasteko, banaka elkarren blogak aztertu ditugu: artikuluak, iritziak, bideoak... eta, ondoren, egindakoaren berri eman diogu elkarri. Naiarak esan dit, oro har, oso gustatu zaiola bloga, irakurterraza eta denetik pixkat duelako.
Oharrei dagokienez, ikasgelan eztabaidatu ditugun artikuluen laburpentxoa ez ezik, neure gogoeta ere egin dut, eta horrek testua aberastu duela esan dit. Gainera, normalean, testua luzea denean, hasieran galdera batzuk bota ditut irakurlea erakarzeko, arreta mantentzeko eta hausnartzera gonbidatzeko. Era berean, testua astuna ez izateko eta arintze aldera, hitz batzuk letra lodiz nabarmendu ditut, irudiak eta link ezberdinak jarri... Horrela, irakurleak sakondu nahi izatera, aukera aparta du.
Normalean, ikasgelan zerbait eztabaidatu ahala, apunteak hartzen joan naiz, eta horiexek igo ditut gero blogera. Hori dela eta, artikuluetan esaten denaz gain, klasean bertan sortutako ideien inguruan sakontzen saiatu naiz. Naiarak oso ondo baloratu du nire hausnarketak ez ezik, aditu eta espezialistenak ere jarri izana, bai bideo bidez bai testu bidez. Gainera, hezkuntzari begira ere aritu naizela esan dit; horretarako, bideo interesgarri bat igo nuen.
Adituak aipatzean, gainera, loturak egin ditut, hau da, haien web orrira bideratu edo bideo interesgarriren bat zintzilikatu dut. Bestetik, niri oso gustatu zitzaidan esaldia igotzea ere aukera ona izan dela adierazi dit: Paulo Freireren esaldia, hain zuzen ere. Beraz, sormen eta orijinaltasun aldetik aberatsa dela azaldu dit. Izan ere, klasean ikusitakoaz gain, neuk ere saltseatu dut, eta gauza ezberdinak eta politak egitea lortu dut.
Atalen arteko lotura eta koherentziari helduz gero, atalak modu zuzenean banatuta daudela eta batak besteari laguntzen diola adierazi dit. Adibidez, eskola komunitateari buruzko sarrera egin ondoren, gehigarri bezala Ramon Bajoko artikulu eta proiektu bat igo ditut, edota auzolanari buruz aritzean, GaraiOn elkartearen berri eman dut. Hortaz, sarrera bat bestearen osagarri gisa ere azter daiteke.
Hizkuntzari dagokionez, zuzena da, oro har. Idazkera jasoa erabili dut, batua. Gerta daiteke kasuren batean akats tipografikoren bat izatea ordenagailuan idazten ari naizelako, baina ez da ohikoa. Gainera, horri garrantzi handia eman diot, uste baitut idatzitakoa zuzena izan behar dela eta akatsik gabea. Hori dela eta, behin eta berriro errepasatu dut.
Bukatzeko, aurkezpena aipatu dugu, eta Naiarak esan dit sinplea dela, baina, era berean, polita iruditu zaiola. Sarrera guztiek letra tipo bera dute, itxura aldetik nahiko beretsuak (testua, irudia eta loturaren bat), testu guztiak justifikatuak...
Hori guztia kontuan hartuta, pozik geratu naiz egindako lanarekin. Hasiera batean, beldur puntu bat nuen ez bainekien nola moldatuko nintzen, baina behin martxan jarrita, uste baino errazago eta erosoago aritu naiz. Egia esan, harrituta geratu naiz, eta espero hemendik aurrera lan-tresna moduan erabiltzea. Mila esker!!!
No hay comentarios:
Publicar un comentario